Antzuolan etorkizuneko hilerriari buruzko gogoeta parte hartzailea abiatu da

Etorkizuneko hilerriari buruzko gogoeta parte hartzailea abiatu du Hil Arte Bizi egitasmoak, Antzuolako Udalaren, Antzuola Herri Eskolaren eta Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz Ikerketa Taldearen laguntzarekin.

Heriotzaren tabuak herritar bezala kamustu egiten gaitu eta ariketa kolektibo honen bidez herriko bizitza osotasunez begiratu eta herritar bezala heriotzaren aurrean ahalduntzea lortu nahi da.

Udaberrian Antzuola Herri Eskolak eman zion hasiera gogoeta prozesuari herriko txikienekin, eta  lau urteko ikasleek etorkizuneko hilerriari buruzko gogoeta ale sakonak eskaini zituzten. Orain, urrian abiatuta, herritarren artean nolako hilerria nahiko genukeen gogoetatu, beste lekuetako eredu ezberdinak ezagutu, eta etorkizunean izan daitezkeen behar berriei hobeto erantzun ahal izango dion hilerria irudikatu nahi da. Martxorako, emaitzak aurkeztu eta udalak jasoko du osatuko den txostena.

Urrian eta azaroan egingo diren tailerrak herritar guztientzat irekiak dira, eta modu eroso eta errazean parte hartzaile guztien iritziak jasotzeko moduan egingo dira. Herritar bakoitzak bi tailerretan parte hartzeko aukera izango du, bata urrian eta bestea azaroan.