Komunitateak heriotzaren aurrean dituen erantzukizun edo aukerei buruz jardun dugu ETBko Biba Zuek telebista saioan. Hemen ikusgai.
Oiartzungo tanatorio publikoari buruz Joana Mendiburu alkateak emandako azalpenak eta lekuen inguruan egindako gogoetak, programa osoan 32 minututik aurrera.
Komunitateak indar itzela du heriotzaren aurrean, eta herritarrek heriotza hobeto bizi dezaten alor ugaritan asko lagundu dezake. Telebista saio honetan azaldutako ideia batzuk hauek izan ziren:
HERRI MAILAN, sei lerrotan banatu ditzakegu heriotzaren aurrean kokatu eta udal mailan herritarrei arreta egokiagoa eskaintzeko lanak:
1) Agurrak: Agurrak egiteko baliabide fisiko eta teknikoak (aretoa edo aterpedun gunea, aulkiak, megafonia, berogailua…) eta agurra bideratzeko laguntza (bideratzailea).
2) Hilerria: Publikoak dira eta udalek eskumena dute. Berdintasuna bermatu beharko lukete, denentzako leku egokiak izan daitezen, eta berdintasun hori zainduaz batera, ideologia eta sinismen ezberdinentzako aniztasuna ere eskaintzeko oreka bermatu.
3) Hileta zerbitzuen inguruan: Enpresa pribatuen esku daude, eta azken urteotan inbertsio funtsen esku dauden enpresa erraldoiak hedatzen ari dira. Konpetentzia leiala eta herritarrei zerbitzu gardena eskaintzen zaiela ziurtatu beharko zen, horretarako arauak garatuz; enpresa txikien zerbitzuak ere bermatzeko errauste-labe publikoak eraiki herri edo mankomunitate mailan; kokagune duinetan dauden tanatorio publikoak eskaini (erabilera librekoak edo enpresei denbora baterako esleituta); eta abar.
4) Zaintza: Herrian zaintza aringarriak eta/edo eutanasia eskubideak bermatuta dauden ziurtatu; dolu gogorrak gertatu direnean laguntza psikologikoa antolatu; bakarrik inor ez dadin hil zaindu; jaioberrien jaia egitean hil diren haurrak kontutan izan; ….
5) Zahar-etxea(k): Herrian dagoen edo dauden zahar-etxeetan heriotzaren zaintza egokia eskaintzen den ziurtatzea eta horretarako baliabideak bilatzea edo eskaintzea.
6) Ikastetxea(k): Herrian dauden ikastetxeetan heriotzaren pedagogia txertatzeko laguntza eskaintzea.
IKASTETXEETAN adibidez, curriculumean Heriotzaren pedagogia txertatzea proposatzen da aspaldidanik, haur eta gazteek heriotzaren aurrean egoki kokatzeko dituzten berezko baliabideak aktibatzen laguntzeko, baina oso gutxi hedatu da hezkuntza munduan. Lerro bitan lan egiten du:
a) Doluaren zaintza edo doluaren pedagogia: hezkuntza komunitatean heriotza gogor bat ematen denean (haurra, gurasoa, irakaslea…), egoerari egoki aurre egiteko bide-orri bat adostuta izatea ikastetxeko eragileen artean, bakoitzaren ardurak banatu, talde bezala zaindu, eta indar horretatik haurra eta familia babestu ahal izateko.
b) Aurre lana edo pedagogia prebentiboa (pedagogia bera): heriotzarik gertatu ez denean, gelan norbaitek heriotzaren gaia ekarri duenean (aipamen bat, intsektu edo txori bat, albistea,..), gaia ekidin gabe hitz egiteko giro eskaintzea eta haurrek edo gazteek, beraiek nahi duten punturaino hitz egin eta kezkak partekatzeko giro segurua eta konfiantzazkoa sortzea.