Udarregi Ikastolan heriotzaren pedagogiaz jardun dugu irakasle eta gurasoekin. Tailer parte hartzaileak egin ditugu, heriotzaren pedagogiaren oinarriak emanda, heriotzaz denok dakiguna partekatu eta elkarrekin ikasteko modurik onena dela sinetsita gaudelako. Lau tailerretan irakasleekin jardun dugu; eta bosgarren tailer batean irakasle eta gurasoak elkarrekin maite ditugun hildakoak gogoratzeko eta omentzeko zer egin dezakegun gogoetatu dugu.
Talde ederrak osatu dira, eta bakoitzaren esperientzia eta ezagutzak partekatuta, denok aberastu gara. Heriotzari begiratzeko modua beldurretik maitasunera aldatuta, dena eraldatzen baita.
Estatubatuarrek «Yes we can» esaten zuten bezala, gurean «posible da» esan dezakegula bizi izan dugu;)

Jasotako iritzi batzuk:
- “Izugarri gustatu zait ikastaroa eta bertako dinamika. Taldearen indarguneak potentziatu dituzu eta denbora juxtua izan arren, teoria eta praktika oso ondo uztartuta. Ziurtasuna hartu dugu. Maitasuna dela heriotza dagoenean giltza!!!”
- “Orain arte heriotza zerbait iluna, beltza… bezala ikusten nuen. Saio hauek balio izan didate beste modu batetara ikusteko edo bizitzeko aukera. Bestetik berriz, GAITASUNA hitzarekin gelditzen naiz. Protokolo bat aurrera eramateko segurtasun gehiago.”
- “Jasotako baliabideak oso erabilgarriak iruditu zaizkit eta egindako hausnarketak oso sakonak. Gaiaren iparra markatu dugu eta ikastola mailan ditugun “etxeko lanak” zein diren ikusi ere bai.”
- “Maitasunetik ekiteko ikuspegia ederra. Gure gaitasun eta ahamenetan sinestarazi diguzu, ahaldundu egin gaituzu eta asko eskertzen dizut.”
- “Eskola komunitatea, bai guraso zein irakasle elkartzea gustatu zait, tabua den gaiarekin hautsi eta gure haurrei modu naturalean transmititu eta lantzeko, bizitzeko. Heriotzak maitasunetik gehiago duela beldurretik baino ikusteko aukera izan dugu. Entzuna eta kide sentitzea.”
- “Dinamika, lehendabizi talde txikietan konpartitzea, eta gero elkartu garen talde osoarekin partekatzea gustatu zait.”
- “Familia eta ikastolak lan bateratua egitea gustuko izan dut. Talde guztietan antzeko proposamenak atera direla ikusteak, zerbait bateratua, adostua egiteko ematen duen erraztasuna. Giro atsegina.”
