Etorkizuneko hilerriaren inguruko gogoeta parte hartzailea Antzuolan

Hil Arte Bizi egitasmoak komunitate mailan heriotzaren inguruko gaiak hobeto bizi izateko helburuarekin prozesu parte hartzaileak proposatzen ditu.

Antzuolako Herri Eskolak heriotzaren gaia aspalditik lantzen du, bai doluaren pedagogia eta baita heriotzaren pedagogia ere, egunerokotasunak sortzen dituen egoerak baliatuaz, ikasleek bizitzari eta heriotzari buruz gogoetatzea ahalbidetzen dute, bakoitzaren adinaren ezaugarrietara egokituz. Pedagogia mota hau eskolan integratuta izatea oso ez-ohikoa da. Kontutan hartu behar da curriculumean heriotzaren gaia, eta ezta dolua ere, ez direla jasotzen.

Antzuolak duen ezaugarri aberats hau baliatuz, Antzuolako Herri Eskolari eta Antzuolako Udalari herrian heriotzaren inguruko gogoeta parte-hartzailea egitea proposatu zitzaien eta biak ala biak interesgarritzat jo zuten proposamena. Etorkizuneko hilerria irudikatzeko gogoeta egitea proposatu zen, etorkizunean herritar guztientzat baliagarri izan daitekeen hilerria nolakoa izango den irudikatzeko, eta bide batez, herri mailan bizitzari osotasunez begiratuta, heriotzari lotutako gaiak ere herritarren artean naturaltasunez hitz egiteko aukera eman ahal izateko.

Antzuolako Herri Eskolako ikasle txikienekin egin zuten gogoeta, 4 urteko haurrekin. Bizitzari eta heriotzari buruz modu harrigarrian gogoetatu zuten, egungo hilerria bisitatu eta etorkizuneko hilerria egiteko ideia oso adierazgarriak proposatu zituzten. Harrigarria, txikienek beldurrik gabeko egoera aske eta zaindu batean nolako ahalmena duten ikustea.

Eskerrik asko Antzuolako Herri Eskolari, bere esperientzia eta lan ederragatik.

Informazio gehiago:
2023-05-12 Gipuzkoako Hitza. Heriotzaz, taburik gabe.
2023-05-15 Naiz Irratia. «Hilerriak brili-brili eta koloretsuak izan behar direla argi dute gure haurrek»