Magala irratsaioan, Ekhiñe Zapiainekin

Luze jardun dugu heriotzaz. Ekhiñek asko daki gai honi buruz, eta sentsibilitate bereziz bideratu du elkarrizketa. Bost gairi heldu diogu:
– Heriotzari beldurra
– Beldurraren eraginak, herritarrengan eta komunitateengan
– Herritar moduan ezagutu beharreko kontu praktikoak
– Osasungintzan ditugun eskubideak: pazientearen autonomia, zaintza aringarriak, eutanasia,…
– Gure legatua

HEMEN entzun daiteke.

 

Etorkizuneko hilerria irudikatzeko gogoeta bukatu dugu

Antzuolan 2023ko udaberritik gabiltza etorkizuneko hilerriaren inguruan gogoeta parte hartzailea egiten, eta hainbat elkarrizketa, bilera eta tailer egin ondoren, udaberrian bukatu dugu prozesua. Adin ezberdinetako herritarrek parte hartu dute, eta ederra izan da beraien jarrera, hasi txikienetatik, 3 urteko herritarrak, helduenetaraino. Beraiek izan dira prozesu honetako benetako egileak!

Jasotako ideia guztiak txosten batean bildu eta hurrengo irailerako aurkezpen publikoan berriro bilduko gara.

Hil Arte Bizi egitasmoari buruz Goienako Puntuan

2023-12-01 Goiena Puntua - Heriotza modu naturalagoan bizi daiteke - Nere Erkiaga

Goienako Txomin Madina kazetariak Hil Arte Bizi egitasmoaren eta heriotzaren inguruan egindako elkarrizketa ederra izan da.

Galdera sail ona prestatuta izan du eta luzez hitz egin izan dugu heriotzari buruz, ertz ezberdinetatik. Hil Arte Bizi egitasmoak lortu nahi dituenak aletu ditugu, eta hitz egindakoaren laburpen ona egin du paperean.

Argazkia: Imanol Soriano.

2023-12-01 Goiena Puntua - Heriotza modu naturalagoan bizi daiteke - Nere Erkiaga
2023-12-01 Goiena Puntua - Heriotza modu naturalagoan bizi daiteke - Nere Erkiaga 2

Hil Arte Bizi hitzaldia Durangaldeko Esperientzia Institutuan

DEI Durangoko Esperientzia Institutua

Durangaldeko Esperientzia Institutuan Hil Arte Bizi hitzaldia eskaini dugu. “Gaur egungo munduan parte-hartzeko gakoak” hitzaldi zikloetan parte hartu dugu, bi ordutako hitzaldi batekin.

30 pertsonek osatutako taldeak adi-adi jarraitu ditu azalpenak, heriotzaren inguruan norberak bere modua duela eta denok oso ezberdinak garela ziurtatu ahal izan dugu, eta gure erabakiak argitu ahal ditugun alorrak gainbegiratu ditugu.

Heriotzaren inguruan zenbat kontu praktiko ikasteko dagoen esperimentatzeko, testamentua hartu dugu adibide moduan eta ariketa txiki batzuk egin ere bai. Sakontzeko gaia dela argi geratu da, batez ere hain aktiboak eta erabakiorrak diren pertsonentzat.

Eskerrik asko jasotako txalo zaparradagatik.

Hil Arte Bizi

nererkiaga.eus

Modu eroso batean heriotzaren aurrean gure era zein den argitu eta gure erabakiak finkatu ditzakegula sinetsita hasi dugu Hil Arte Bizi egitasmoa. Herritarrentzat tailerrak eskainiaz eman diogu hasiera, hamabi kideko taldeak osatu eta 8 tailerretako bidean elkarrekin ikasi eta heriotzaren beldurrari zati bat kentzeko asmoz.

Gaia erraza ez dela izango jakinda ere, eta tailerrak emateko gutxieneko taldea sortuko ote den zalantza eta guzti, Lekeitioko Udalak, Elizondoko Udalak, Antzuolako Udalak eta Berriatuko Udalak onartu dute Hil Arte Bizi tailerrak herrian antolatzea.

…Eta esperientzia oso ona izan da, eta tailerretako kideen iritziak aurrera jarraitzeko motorra izan dira.